Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, ostalaritzan euskararen erabilera sustatu nahian, “Erraza da” proiektu pilotua jarri zuen apirilean martxan Parte Zaharreko establezimenduetan. Egitasmo hau jatetxe zein tabernetan lan egiten duten eta euskara ez dakiten zerbitzari eta langileei zuzendua egon da eta harrera ona izan du. Taberna eta jatetxe guztiak bisitatu eta gero, 70 establezimendutako 209 langile animatu ziren egitasmo berritzaile honetan parte hartzera.
Erraza da proiektuak egunean bi hitz / esamolde ikastea eta, horrela, hiru hilabeteren buruan 200 hitz / esamolde ezagutzea izan du helburu. Prozesua amaitu eta gero, egitasmoan parte hartu duten langileak bezeroak eskatzen duena ulertzeko eta elkarrizketa sinple bat izateko gai izatea izan da xedea. Egitasmoa burutu ondoren, parte hartu duten langileen balorazioa oso ona izan da. Egitasmoaren bukaeran parte hartu duten langileengana jo du Udaleko Euskara Zerbitzuak eta 150 langileren(%72) balorazioa jaso du. Horietatik, %94k adierazi du egitasmo praktikoa dela euskara ikasten hasteko.
Parte hartzaileen %63k lehen hitza euskaraz egiten du Erraza da-ri esker
“Erraza da”ren balorazioa egin dutenen artean, % 72ren ustean, hiztegian jasotako hitzak / esamoldeak ikastea erraza izan da. Izan ere, hiru hilabeteak pasatuta, parte hartzaileen % 63k dio, egitasmoari esker, orain lehen hitza euskaraz egiten diela bezeroei.
ERRAZA DA EGITASMOAREN BALORAZIOA |
|
Baloraziorako bisitatuko establezimendu kopurua (Tabernak eta jatetxeak) |
70 |
Egitasmoan izena eman |
209 |
Egitasmoan parte hartu eta baloratu egin du |
% 72 |
Parte hartzaileak (balorazioan): Emakumezkoak Gizonezkoak |
% 53 % 47 |
Erraza suertatu euskarazko 200 hitz / esamolde ikastea |
% 72 |
Praktikoa hiztegia |
% 94 |
Orain lehen baino gehiago erabili euskara establezimenduan |
% 60 |
Lehen hitza euskaraz bezeroei, egitasmoari esker |
% 63 |
Euskarazko 200 hitzeko beste hiztegi bat jasotzeko prest |
% 80 |
Bestalde, %80k adierazi du euskara ikasten jarraitu nahi duela eta bigarren hiztegi bat jasotzeko eskaintza izanez gero, parte hartuko duela. Gauzak horrela, Udaleko Euskara Zerbitzua bigarren hiztegi bat prestatu du jada.
Erraza da egitasmoaren bigarren fasea abenduaren 9an hasiko da
Udaleko Euskara Zerbitzuak prestaturiko bigarren hiztegia aurrekoaren jarraipena da. Honetan ere, agurrak, zenbakiak, ostalaritzan erabiltzen diren esamoldeak eta galdera-erantzunak ( egun ona izan, zenbat zarete?, kobratuko didazu mesedez? eta abar) jasotzen dira, besteak beste.
“Erraza da” ekimenari esker, lehen hitza sustatu eta euskararen erabilera areagotu egiten da. Argi dago bezeroa agurtzea Kaixo! edo Zer hartu nahi duzu? esanez, laguntzen duela euskara gehiago erabiltzen. Hori horrela, eta egitasmoak parte hartzaileen artean izan duen harrera ona ikusita, 200 hitz / esamolde dituen beste hiztegi bat egin du Udaleko Euskara Zerbitzuak.
Egitasmo pilotuaren bigarren zatia izanik, bigarren hiztegia jasotzeko ezinbestekoa izango da aurreko hiztegia jaso eta egitasmoan parte hartu izana. Hiztegia azaroaren bukaeran eta abenduaren hasieran banatu eta gero, hitzak / esamoldeak ikasteari abenduaren 9tik aurrera ekingo diote.
Halaber, hamabostean behin, parte-hartzaileek galdetegi bat jasoko dute posta elektronikoz eta aurreko 15 egunetan ikasitako hitz eta esamoldeen inguruko galdera batzuk erantzun beharko dituzte. Oso erraz eta azkar erantzutekoak izango dira eta, ekimena otsailean bukatutakoan, “Erraza da” egitasmoan parte hartu duten idazki bat lortuko dute.